Ekaina 2022
Helburuak, plangintza, estrategia edo balioak helmuga baten errealitate turistikoaren parte diren elementu abstraktuak dira. Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen plangintza estrategikoaren garrantzia garapen ekonomikoari dagokionez. Plangintza, berrikuntza eta ekosistema gure egunerokotasunean ibilbide-orria eratzen laguntzen diguten kontzeptuak dira, ezarritako helburuak lortzeko eta Lea-Artibaiko ikuspegi turistikoa gauzatzeko.
Baina, zertaz ari gara turismo-plangintzaz hitz egiten dugunean? Lea-Artibain enpresak daude, enplegua dago eta, batez ere, pertsonak daude. Eskualdeko turismo-sektorea osatzen duten pertsona horiekin guztiekin batera lan egiten saiatzen gara, ez bakarrik plangintza horretan, baita proiektuak gauzatzen eta horien emaitzetan ere. Izan ere, horixe da helburua: jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzea; lehiakorragoak izatea eta turismo-arloan kokatzea; eta enpresa gisa hobetzea; azken batean, guztion artean gure herritarren bizi-kalitatea handitzea.
Horrela, 2022an Lea-Artibaiko turismo-enpresetatik gertuago egoten saiatu gara, aurreko urteetan lantzen ari ginen lankidetza-ildoak indartzeko. Hona hemen egin ditugun jarduera batzuk:
- Banakako elkarrizketak 38 enpresarekin. Elkarrizketa horietan, haien egoerari buruzko informazioa ez ezik, haien itxaropenei, ikuspegi turistikoari eta helmugarekin lankidetzan aritzeko konpromisoari buruzko informazioa ere jaso dugu.
- Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekiko konpromisoa indartzea, 19 enpresa sariturekin eta 7 enpresa berrirekin.
- Basquetourreko Familia Turismoaren Mahaian gure parte hartzea areagotzea, 5 enpresa ziurtatuta eta 3 enpresa berri sartzeko.
- Sektoreko ordezkarien parte-hartzea Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbao Turismok antolatutako Match in Place ekitaldian munduko turismo-sektoreko touropeatzaile garrantzitsuentzat.
- Alerta-sistema eta dirulaguntzen kudeaketa lehiakortasuna indartzeko.
- Enpresa bakoitzak turismo-arloko plan eta jarduketei atxikitzeko adierazpena sinatzea eta, ondoren, hainbat jardueratan laguntzea, hala nola Aste Santuko eskaintza bateratuaren programan edo Lápiz Nómada blogariak Lea-Artibaira egindako bisitan.
Eta protagonistak pertsonak direnez, Leartibai Fundazioan harro gaude sektoreko enpresekin elkarlanean aritzeaz gure helmugaren garapenaren alde, hori baita helburuak lortzeko modua.