Iraila 2022
Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiaren XXXVIII. edizioaren aurkezpena egin da gaur Etxebarriako Udaletxean. Bertan izan dira Azoka antolatzen duen Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkartearen ordezkari gisa, Jesús Iriondo, Etxebarriako Alkatea, eta Luis Egurrola, Markina-Xemeingo Alkatea. Bi ordezkariekin batera, Arantza Atutxa, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritzako Zuzendari Nagusia ere egon da.
Markina-Xemeinen urriaren 8an ospatuko den 2022ko Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiaren egitaraua aurkezteaz gain, bertan izango diren ekoizle, ustiategi eta banatuko diren sari ezberdinen berri eman dute eskualdeko ordezkariek. Atutxak bere aldetik Lea-Artibai eskualdean lehen sektoreak duen garrantzia azpimarratu du eta mota honetako ekimenak sektorearentzako berebizikoak direla adierazi du.
Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteak eta Lea-Artibai eta Mallabiko Udalek antolatuta, XXXVIII Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia ospatuko da urriaren 8an Markina-Xemeinen. Osasun egoera dela eta, bi urtez egin gabe geratu den urteroko hitzordu hau indarberrituta dator, berriz ere eskualdeko produktu, ekoizle, abeltzain eta gastronomiaren erakusleiho izateko asmoz. Aurten ere giro jator eta herrikoia izango da nagusi Markina-Xemeinen, azoka hau Lea-Artibaiko baserritar zein bizilagunentzako ospakizun gune aparta izaten baita.
Urriaren 8an, eskualdeko baserrietako hainbat produktu zuzenean erosteko aukera egongo da ekoizleen eskutik, besteak beste barazkiak, frutak, gaztak, eztia, baserriko ogi eta gozoak, sagardoa, txerrikiak, ahatekiak, ardoa, txakolina eta barazki-kontserbak. Guztira 36 ekoizle egongo dira zuzeneko salmenta egiten:
- 5 gaztagile (ardi, ahuntz eta behi gaztak).
- 5 ortulari/frutazain.
- Gilden ekoizle bat.
- 3 okin.
- 3 gozogile.
- 4 ahateki-ekoizle.
- 2 eztigile.
- 3 txerriki-ekoizle.
- 2 sagardogile.
- 3 txakolin ekoizle.
- Errioxar jatorri izendapeneko ardogile bat.
- Garagardogile artisau bat.
- Pasta ekoizle artisaua.
- 3 Marmelada eta barazki kontserben ekoizle.
- Baratxuri beltza.
Aurten, Lea-Artibaiko animalien lehiaketa egingo da, non behi, zaldi eta ardiez gain, Euskal Herriko arrazetako abereak bertatik bertara ikusteko aukera ere egongo den. Hauek dira parte hartuko duten Lea-Artibaiko abere-ekoizleen kopurua:
- Behiak: 20 abeltzain.
- Zaldiak: 9 abeltzain.
- Ardiak: 9 artzain.
Horrez gain, azokaren hainbat gunetan artisau produktuak eta baserri tresnak ere egongo dira erakusgai eta salgai. Azokarekin bat egingo dute baita zenbait elkartek ere, beraien jarduerak ezagutzera eman eta produktuak saltzeko. Hauek dira bertan egongo direnak:
- 17 artisau (Euskal pilotak, zeramika-lanak, larrua, egurra, bitxiak, harria, saskigintzako lanak, artilea…).
- 4 baserriko tresna saltzaile, makila saltzaile bat eta zaldientzako tresna saltzaile bat.
- IZARBIDEAN elkartea.
- ZABALTZEN SARTU elkartea.
Azoka 10:00etatik 15:00ak arte egongo da zabalik eta adin guztiei zuzendutako hainbat ekintza antolatu dira egunean zehar.
Horrela, 11:30etan, eskualdeko produktuak probatzeko aukera egongo da Mikel Garaizabalek (ostalari, sommelier eta enologoa) gidatutako bi dastaketa-saiotan, eta bitartean herriko trikitilarien erromeria egongo da herriko kaleak girotzeko. 12:00etan, berriz, bertsolarien txanda izango da, eta postuz postu ibiliko dira bertaratutakoen gozamenerako.
Aurtengo nobedadea etxeko txikienei zuzendutako familientzako herri kirol parte-hartzaileak izango dira. Jarduera hori 12:30etan hasiko da.
Aurreko edizioetan bezala, doako kontsigna-zerbitzua eskainiko zaie Markina-Xemeinera gerturatzen direnei. Erosketak egin ondoren, azokaz gozatzeko aukera izango dute, erosketez arduratu gabe. Gainera kontsigna-zerbitzuaren erabilerak aurten saria izango du, horrela, bertan erosketak uzten dituztenei zenbaki bat emango zaie, Hamen Bertokoak egingo duen zozketan parte hartzeko. Zozketa 13:30ean izango da.
Ondoren, 14:00etan, goizean zehar burututako lehiaketen sari banaketak ospatuko dira.
Hauek izango dira sariak:
- Ortuari mahairik onenari saria, 200 €.
- Azokako mahairik onenari saria, 200 €.
- Txakolin onenari saria, 200 €.
Animaliei dagokienez:
- Limusin kategorian saria, 200 €.
- Pirenaika kategorian saria, 200 €.
- Asturiana de los Valles kategorian saria, 200 €.
- Aubrac kategorian saria, 200 €.
- Mestizoen kategorian saria, 200 €.
- Ustiategirik onenari saria, 200 €.
- Zaldien kategorian saria, 200 €.
Azokaren itxieraren ostean, egunari bukaera berezi bat emateko, EinGO taldeak kalejira eskainiko du, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
URRIKO AZOKAKO I. PINTXO LEHIAKETA
Aurten, estreinakoz, Alkarteak, azokarekin lotutako jarduerei hasiera emateko, bertoko produktuekin egindako I. PINTXO LEHIAKETA antolatu du. Irailaren 5etik 20ra bitartean zortzi proposamen aurkeztu dituzte lehiaketara eskualdeko herritarrek. Irabazleak, Etxebarrian ospatu den Urriko Azokaren aurkezpen ekitaldian eman dira jakitera: Nerea Aransolo bere “Bertako Ravioli”-arekin eta Oihana Etxebarria “Eguzkilore” pintxoarekin, biak Markina-Xemeindarrak. Irabazle bakoitzak 200 €ko saria eskuratu du.
Peñascal S.Coop.-eko ikasleen eskutik, gaur goizeko aurkezpen ekitaldira bertaratu direnek pintxo irabazleak dastatzeko aukera izan dute.
Eskerrak
Azoka Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saila, BBK-Kutxabank, Markina-Xemein, Etxebarria, Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa, Munitibar, Lekeitio, Ondarroa, Ziortza-Bolibar eta Mallabiko udalen dirulaguntzari esker antolatu da.
Horrez gain, Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteak eskerrak eman nahi dizkie azokaren antolakuntza aurrera eramaten laguntzen duten eragile guztiei, Markina-Xemeingo eta Etxebarriako Udaletako brigada eta udaltzainei eta herriko boluntarioei, bereziki azokaren egunean egiten duten lanagatik.
Halaber, Alkartetik Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusira etortzeko gonbita luzatzen dute, egun zoragarri bat igarotzeko.
Informazioa
Informazio gehiago nahi izanez gero edota zalantzaren bat argitu, Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkartearekin harremanetan jarri zaitezke:
Nerea Urrutibeaskoa:
94 616 90 88 zenbakian edo landagarapena@leartibaifundazioa.eus e-mail helbidean.