Urria 2022
Udazkenaren etorrerarekin eta, beraz, goi-denboraldiaren amaierarekin batera, Lea-Artibaiko turismo-enpresa gehienentzat ere emaitzak baloratzeko, prozesuak errepasatzeko eta lehiakortasuna hobetzearekin lotutako turismo-negozioaren eremuetan lan egiteko garaia iritsi da.
Hala ere, turismo-jarduerak ez du etenik izan oraindik, eta, horregatik, behe-denboraldian helmuga dinamizatzeko eta sustatzeko jarduerak egin ditugu, hala nola Lea Artibai Fest ekimena, online eta offline bidezko komunikabideetan publizitatea egitea eta familia-turismoko blogger batekin kanpainak egitea, besteak beste.
Edonola ere, Leartibai Fundazioaren turismo-arloarentzat, orain da unea haiekin biltzeko, etengabeko hobekuntzako prozesu guztietan banaka laguntzeko, eta baita produktuekin eta helmugaren turismo-plangintzarekin lotutako hausnarketa bateratuak egiteko ere.
Horrela, eremu horretako jarduerarik nabarmenenak hauek dira:
- Barne-lana eta enpresen ziurtagiria Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren programaren barruan: Fundaziotik laguntza ematen diegu enpresei prestakuntza- eta administrazio-prozesu osoan, eta, batez ere, barne-hausnarketan laguntzen diegu. 2022an 24 enpresa daude atxikita, horietako asko bigarren eta hirugarren lan-urteetan, eta 11 dira aurten programaren barruan ibilbidea hasi dutenak. Programa hori Basquetourren ikuskapenarekin eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren finantzaketa partzialarekin garatzen da.
- Marketinaren, estrategiaren eta komunikazio digitalaren arloetan enpresen lehiakortasuna hobetzearen inguruko banakako coaching-a, negozioaren kudeaketa-prozesuei ere erreparatuta. Iazko ildoari jarraituz, aholkularitza espezializatu baten laguntzarekin, enpresek hobekuntzak egin ahal izango dituzte eremu horietan. Banakako saioen aurretik, taldeko bi prestakuntza-saio egingo dira, turismo-negozioen arteko informazio-trukea eta kohesioa sustatzeko. Jarduera hau ere Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak finantzatzen dute.
- Donejakue Bidea dinamizatzeko lantaldea sortzea: Antsotegi Hotelaren ekimenez, eta bidea igarotzen den udalekin lankidetzan, gogoeta prozesu bat landuko dugu erromesari ematen zaion zerbitzua hobetzeko. Hobetzeko hainbat puntu antzeman dira, eta oraindik aukera asko daude garatzeko “Donejakue Bidearen” helmuga garela berresteko.
- Turismoaren arloko informazio garrantzitsua enpresei helaraztea eta foroetan eta jardunaldietan parte hartzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
Landareekin gertatzen den bezala, hostoak erortzen uzteko unea hurbiltzen ari da, jarduera murriztu eta norberaren bizigarrian arreta jartzeko, udaberrian indartsuago itzultzeko.