Urtarrila 2023
Merkataritzaren sektorea ziurgabetasun handiko egoera ekonomiko baten aurrean dago gaur egun, eta egoerari buelta eman ezinda dabil. Errealitate horrek atsekabea sortu du Euskadiko txikizkako merkataritzan, eta sektorea biziberritzeko eta ilusioa berreskuratzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak Euskal Merkataritzaren Estrategia 2030 eta 2025 Plana aurkeztu zituen abenduaren erdialdean.
Egitasmo honen definiziorako, euskal merkataritzaren diagnostiko bat egin da, euskal merkataritzaren sektorearen egungo egoerari buruzko mapa bat izateko. Dokumentu hori oinarri hartuta zehaztu dira Estrategia honen lan-ildoak eta prozesu horretan sektorea bidelagun izan dute.
Euskal Merkataritzaren Estrategia 2030, sei ardatzetan banatutako hainbat ekimen finkatzen dituen plan batean islatzen da, 2025era arteko epealdian:
- Enpresa: Enpresari lehiakortasunera egokitzeko eta sendotasuna lortzeko tresnak eskainiko zaizkio, trantsizio teknologikoa, soziodemografikoa eta ingurumen-trantsizioa kontutan hartuta.
- Hiri-espazioa: Euskal merkataritza hiri-espazio jasangarri berrien eraketan esplizituki barneratuko da ikusgarritasun eta garrantzia estrategiko handiagoa emateko. Horretarako, Udalen esku tresna eta baliabideak jarriko dira: hiri-ekonomiako planak, hiriko merkataritza-gune iraunkorretarako laguntza-lerroak eta hiriko merkataritza-espazio berriak bultzatzeko laguntza teknikoa.
- Giza kapitala: Enpresei eta langileei beraien gaitasunak etengabe egokitzen eta kudeatzen joateko tresnak eskainiko zaizkie, talentu gaztea erakartzeko gai izango den kalitatezko enplegu erakargarria garatzen lagunduz.
- Ezagutzaren kudeaketa: Berrikuntza sektorearen eraldaketaren eragilea bihurtuko da eta, enpresen estrategia instituzionalaren eta merkataritza jardueraren euskarri gisa, ezagutzaren erabilera barneratuko da.
- Komunikazioa: Sektorearen ikonografia eta hizkuntza eguneratu eta erakargarri bat sortzen lagunduko da, sektoreko kultura berri bati euskarria emateko, tokiko merkataritzak kontsumitzailearen aurrean duen irudiari eusteko eta hura eraldatzen eta gaztetzen laguntzeko.
- Gobernantza eta laguntza baliabideak: Euskal merkataritzaren esparru juridikoa eguneratuko da, berrikuntzaren sustapenaren alorreko eragileak eta dinamikak bilduko dituen Berrikuntzarako HUB bat sortuko da, eta, Merkabide izeneko erakunde publiko bat sortuko da, merkataritza-politikak garatu eta jarraipena egiteko.
Hemendik aurrera, eta beti egin izan dugun bezala, Leartibai Fundaziotik gure eskualdeko merkataritza babesten jarraituko dugu 2025 Planak markatutako jarduera-ildoei jarraituz, erreferente bat bihurtuko baitira, bai guretzat (garapen eragile bezala), bai eta Lea-Artibaiko merkatari eta udalentzat ere.
Guztion artean definituko ditugu gure eskualderako jarduera-ildo egokienak, egitasmo honetan aintzat hartzen diren merkataritzaren egungo ikuspegi, joera eta tresnei jarraituz, beti ere, gure eskualdean bizi dugun errealitatera egokituz.
Euskal Merkataritzaren Estrategia 2030 eta 2025 Plana kontsultatu.