Otsaila 2023
Leartibai Fundazioak eskualdeko 4 emakume zientzialari elkartu ditugu gaur goizean Lea-Artibai Berrikuntza Gunean online solasaldi bat egiteko. Pantailaren beste aldean, Lea-Artibai eta Busturialdeako 10 ikastetxetako 300 ikasle inguru izan dituzte entzule, adi-adi, emakume zientzialari hauen ikasketak, eguneroko lana, bizipenak eta gomendioak entzuteko prest.
Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da eta aitzakia hori baliatuz, Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkartearen TALENTATU proiektuaren baitan, ekimen berezi bat antolatu dugu. Ikasleak eta zientzia mundua konektatzeaz gain, emakumeak zientziaren alorrean jokatzen duten paperari garrantzia eman nahi izan diogu.
Aintzane Apraiz lekeitiarra, Aizeti Burgoa ondarrutarra, Amaia Aulestia berriatuarra eta Lur Epelde markina-xemeindarrak beraien ikasle sasoiko eta laneko ibilbideari errepasoa eman diote gaurkoan, emakumezko zientzialari ikuspegitik.
Lau zientzialariak bat etorri dira elkarlana, etengabeko ikasketak, jakinmina eta proiektuak bilatzeko kudeaketak duen garrantziaz mintzatzerakoan.
“Zientzia zerbait bada, kolaborazioa da” esaldiarekin eman dio hasiera Leartikerreko ikerlaria den Aizeti Burgoak. “Pertsona bakar batek ez du ezer egiten, talde lana ezinbestekoa da” gehitu du EHUko ikasle eta ikerlaria den Aintzane Apraizek.
Etengabeko ikaskuntzan oinarritutako alorra dela ere aipatu dute eta jakinmina izatea ezinbestea honetan aritzeko: “argitalpen zientifiko eta ikerketa proiektuen bitartez ezagutza garatzen dugu eta ezagutza hori balioan jarri behar dugu proiektuak aurrera eramateko dirulaguntzak lortzeko” azpimarratu du Lur Epelde Neiker zentro teknologikoko ikerlariak.
Amaia Aulestia Cikautxo enpresako Ikerketa eta Garapen Zuzendaria da eta hizkuntzek duten garrantziaz mintzatu da “Hizkuntzen ezagutza ezinbestekoa da. Ingeleseko B2 maila gutxienez behar da edonon lan egiteko, ez zientzia munduan bakarrik, eta beste hizkuntzaren bat menperatzen baduzu, askoz hobeto”.
Kanpoan asko ibilitakoak dira gaurko gonbidatu hauek, kongresuetan, ikasketetan sakontzeko egonaldietan, nazioarteko proiektuetan parte hartzen… Honelakoak beraien eguneroko lanarekin lotuta daude, eta horregatik azpimarratu nahi izan dute hizkuntzen garrantzia. Zientziaren hizkuntza ingelesa dela esaten bat etorri dira lau emakumeak.
Emakumeak duen presentzia izan da solasaldian jorratutako beste gaietako bat. Aginte postuetan berdintasunaren bidean oraindik egiteko asko badago ere, orokorrean emakumea zientzia alorrean erabat normalizatua dago, bai ikasketak burutzerakoan dagoen emakumezko ikasle-kopuruaren ikuspuntutik, bai lan-taldeetan, enpresetan… aurrera pausu handia eman da azken urteetan. Hala ere, amatasunarekin bizimodua asko konplikatzen dela aitortu digute, beraien ibilbide profesionaletan freno bat delako, baina gaur egun aitatasunarekin, gizonezko zein emakumezkoek hartzen duten ardura bat izanik, horretan ere berdintsuago izango garela esan digute.
Ikasleek interesez jarraitu dute solasaldia, eta beraien etorkizunean pentsatuz, erabakia nola hartu zuten jakin nahi izan dute. Hasieratik argi zuten zer ikasketa burutu? Aizeti, Aintzane, Amaia eta Lurrek erantzuna argi izan dute. “Oso zaila da aukeratzea, bidea bilatzen joan behar da, garrantzitsuena gustuko duzun horren inguruan ikastea da”. Ikasketa-mota bat aukeratu eta gustukoa ez dela ohartuz gero, beste batera aldatzea ere posible dela azaldu dute, hori egiteagatik ez da ezer gertatzen. “Adin horretan urte bete “galtzea” asko iruditu ahal zaie, baina gure perspektibatik begiratuta, ez da urtebete galtzen, prozesu baten parte da, zure bidea aurkitzeko prozesuan egiten duzun ibilbidea” azaldu dute.
Antolatzaileak eta zientzialariak pozik agertu dira ekintzarekin, eta ikasleek izan dezaketen zalantza edo interesei erantzuteko prestutasun guztia adierazi dute.
Ekintzak jarraipena izango du hurrengo asteetan
Datorren hilean Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta gaurko ekimen honi jarraipena emango diogu beste ekintza batekin eta Lea-Artibaiko 11 zientzialari bistaratuko ditugu eskualdeko ikasleekin eta Hemen Be Bai (Markina-Xemein) eta Kitto (Lekeitio) merkatari elkarteekin elkarlanean. Ikasleek apainduko dituzten Markina-Xemein, Berriatua eta Lekeitioko establezimendu ezberdinetako erakusleihoetan 11 emakume zientzialari hauen posterrak jarriko ditugu. Beraien profilak aurkeztuko ditugu euskarri hauetan, argazkia, ikasketak, lan-esperientzia, hobbyak, irakasgai gustukoenak…
Establezimenduetako erakusleihoak martxoaren 3tik 12ra egongo dira ikusgai.
Ekimen honen bitartez, Lea-Artibai eskualdeko emakume zientzialariak bistaratzeaz gain, ume eta gurasoak merkataritzara hurbildu, tokiko eskaintza balioan jarri eta bertoko kontsumoa bultzatu nahi dira.