Otsaila 2023
Herri txikietan merkataritzaren egoera zaila da. Iraganean merkataritza-gune handiak ziren establezimendu txikien arazo nagusia, eta orain, Internet bidezko erosketen hazkundeari aurre egin behar diote.
ZATOZTE Ondarroako Merkatari eta Ostalari Elkartea da. Laster 22 urte beteko dituen elkarte horrek 60 bazkide eta 200 langile baino gehiago ordezkatzen ditu. Ondarroako merkataritza, zerbitzu-enpresa eta ostalaritza, aktiboa, askotarikoa eta kalitate handikoa izateko etengabe lan egiten dute. Urteekin sektoreak eskatzen dituen aldaketetara egokitzen ikasi du ZATOZTEk, eta handizkako eta online merkataritzarako dagoen joera orokorraren aurrean, establezimendu txikien aldeko apustua indartzeko lanean dihardu.
Zein helburu ditu momentu honetan elkarteak?
Hainbat dira ditugun helburuak: alde batetik, bazkide diren negozioen lehiakortasunean eta etengabeko egokitzapenean bidelagun izatea; herrian dauden saltoki gehiagok elkartearekin bat egitea; eta guztion artean eskaintza lehiakor bat aurkeztea.
Horrez gain, herriko bizitza mantendu eta, batez ere, herritarrek herrian eskaintza izan dezaten bermatzeko, jubilazioan pentsatzen ari diren bazkideei oinordekotza bilatzea da lantzen ari garen beste alor bat.
Zer esango zenioke elkartean sartu edo ez baloratzen dabilen negozioari?
Animatzeko eta niregana hurbildu edo deitzeko. Elkartean egiten dugun guztia azalduko diet. Garrantzitsua dela denok elkartuta herriko negozioen alde lan egitea. Zatoztetik beste erakunde batzuekin ere bitartekaritza lana egiten baita: Udala, Leartibai Fundazioa, Lea Artibai Amankomunazgoa, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia…
Elkartuta sare bat sortzen dugu, eragile desberdinen artean indartsuagoak gara eta bezeroarentzat dinamizazio ekintza gehiago antolatu ditzakegu.
Dinamizazioa aipatuz, urte guztian zehar hainbat ekintza antolatzen dituzue.
Bai. Bi hilero elkartekide diren negozioetan egiten diren erosketak saritzen ditugu zozketa baten bidez; hau da, herrian erosteak saria du urte guztian. Horrez gain, beste jarduera batzuk ere antolatzen ditugu: merkatu txikiak, bezeroaren egunak, gabonetako ekintza ezberdinak, Euskaraldian arigune bezala bat egiten dugu eta herriko elkarte ezberdinek antolatzen dituzten ekintzetan ere parte hartzen dugu ahal den neurrian lagunduz.
Hainbat urte daramatzagu Kitto Lekeitioko Merkatari Elkartea eta Hemen Be Bai Markina-Xemeingo Merkatari Elkartearekin harremanetan eta gauza txikiak egin ditugu elkarrekin.
Dinamizazio ekintzez gain beste hainbat zeregin ditugu: Ondarroako udaleko hirigintza batzordean parte hartzen dugu herriko antolamenduan gure negozioek duten ikuspuntua eta beharrak bermatzeko; txakur jabeek euren erosketak lasai egiteko txakurrak ate kanpoan lotzeko kateak ipini ditugu; kaleko gabonetako argiak ere elkartetik kudeatzen dira Udalarekin elkarlanean…
Horrez gain, gaur egungo ezagutzetara egokitzeko formakuntza ere eskaintzen diegu bazkideei.
Zerbait aldatu ahalko bazenu Ondarroan, zer izango litzateke?
Ondarroan aparkaleku-gabezia handia dago. Herria garbi mantentzeko eta edertzeko ere asko dago egiteko. Bestalde, biztanleria ere beherantz doa, beraz gazteak bertan bizi eta umeak izateko herria prestatu behar da (etxebizitzak, zerbitzu eskaintza…). Baina argi duguna da, Herri bizia eta bertan bizitzeko modukoa nahi badugu, guztiok bertan erosten saiatu behar garela.