Maiatza 2023
Eskualdeko industria-ehunaren biziraupena eta hazkundea sustatzearen garrantziaz jabetuta, Leartibai Fundazioak proiektu berri bat diseinatu du industria-enpresen eta horiei lotutako zerbitzuen belaunaldi-erreleboa bultzatzeko.
Proiektu honek duela gutxi diseinatutako Lea-Artibai 2030 Plan Estrategikoan du jatorria, non lan-ildoetako bat eskualdeko Talentua bultzatzea den. Eskualdeko gainerako erakundeekin batera, talentua sortzea, mantentzea eta erakartzea sustatu nahi duen proiektua da, eskualdeko eragileen egungo eta etorkizuneko beharretan oinarrituta.
Belaunaldien arteko erreleboa talentua mantentzeko eta erakartzeko oinarrietako bat da; izan ere, alde batetik, esperientzia duen norbaitek erakunde bat uzten duenean eta haren ezagutza transmititzen ez denean, talentu-ihes garrantzitsua gertatzen da, eta, bestetik, talentu gazte berria enpresan sartzeko aukera sortzen da.
Proiektu hau Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programaren barruan kokatzen da. Bizkaia Orekan Sakonduz Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak eta BEAZek bultzatzen dute, lurralde-lehiakortasuna sustatzeko.
Proiektuak MIK,MONDRAGON Korporazioaren Kudeaketa Ikertzeko Zentroa-ren lankidetza du, gaian aditua, eta haiek lagunduko diote Leartibai Fundazioari enpresekin lan egiten.
Proiektuaren helburua da industria-enpresei eta horiei lotutako zerbitzu-enpresei ondorengotza-prozesua diseinatzen laguntzea, belaunaldi-erreleborako dauden aukerak ezagutzen, enpresaren errealitatearekin ondoen egokitzen den alternatiba hautatzen eta, batez ere, enpresari belaunaldi-erreleboa planifikatzen lagunduko dion ibilbide-orria diseinatzen lagunduz.
Era berean, proiektuaren baitan, 4 prestakuntza-tailer egingo dira erakundeen ondorengotza eta belaunaldi-erreleboko prozesuen inguruan, interesa duten eskualdeko enpresa guztiek gaiari buruzko ezagutza zehatzagoa eskuratu ahal izan dezaten.
Zalantzarik gabe, gai estrategikoa da enpresen lehiakortasuna sustatzeko, horren oinarria pertsonek ematen duten balioan eta ezagutzan oinarritzen baita. Hala ere, belaunaldien arteko erreleboa behar bezala planifikatzea ez da erraza, eta, gainera, kontuan hartu behar da MIKek gomendatzen duela erreleboa gutxienez gerentziak edota jabetzak erretiroa hartu baino 5 urte lehenago landu behar dela. Beraz, enpresei ondorengotza-prozesuak aldez aurretik, modu proaktiboan eta integralean kudeatzen laguntzen dien proiektua da.
Edozein industria-enpresa, industriari lotutako zerbitzu-enpresa eta garraio- eta handizkako merkataritza-enpresak parte hartu ahal izango dute proiektuan, eta, hortaz, Leartibai Fundazioak datozen 7 urteetan erreleboa izango dutenei fundazioarekin harremanetan jartzeko deia egiten die.