Maiatza 2023
ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA EGUNAren edizio berri bat ospatu dute hilabete honetan Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetan. TALENTATU proiektuaren baitan, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier) antolatu ditu bi jardunaldiak, Leartibai Fundazioarekin lankidetzan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.
Aurten, lehenengo Busturialdean egin dute. Hitzordua maiatzaren 4an izan zen Gernika-Lumoko Astra eraikinean, eta eskualde horretako ikastetxeetako DBHko 4. mailako 325 ikasle inguruk hartu zuten parte. Ostiralean, maiatzak 26, Lea-Artibairen txanda izan zen eta eskualdeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako 258 ikasle bildu ziren Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian. Guztira ia 600 ikaslek hartu dute parte Zientzia eta Teknologia Egunaren aurtengo edizioan.
Bi jardunaldiek dinamika bera izan dute. Bai Busturialdean, bai Lea-Artibain 13 txoko desberdin jarri dira. Txoko horietan Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteko enpresak eta eskualdeko eta inguruko beste enpresa eta erakunde batzuk egon dira gazteei beraien ezagutzak transmititzen. Horrela, robotika, materialak, adimen artifiziala, errealitate areagotua, elektronika, matematika eta elektrizitatea bezalako gaiak landu ahal izan dituzte zuzenean adituen eskutik. Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Maier, Leartiker, Neiker, EHU-UPV eta Peñascal enpresek parte hartu dute, besteak beste, jardunaldietan.
2019an ospatu zen Zientzia eta Teknologia Egunaren lehen edizioa eta pandemia medio, 2020 eta 2021 urteko edizioak ez ziren ospatu, baina iazko urtean berriz ekin zioten ekimenari, urteroko hitzordu bilakatuz. Antolatzaileek eta parte hartzaileek, aurtengoan ere balorazio oso positiboa egin dute:
DINARA AJUBITA (Ikaslea)
“Hainbat tailerretan parte hartu dugu eta gauza asko ikasi dugu. Hainbat polimero eta horien portaerak eta ezaugarriak erakutsi dizkigute. Argia erabiliz nola komunikatu azaldu digute. Autoen piezak egiteko erabiltzen diren materialak ezagutu ditugu eta bitrozeramika barrutik nolako den ere ikusi dugu.
Eskolan ez dugu horrelako tailerrik egiten. Zientzia eta teknologiarekin lotutako gauza berriak eta desberdinak ikasteko aukera izan dugu”.
ENDIKA TEJADA (Eika)
“Guretzat oso garrantzitsua da gaur hemen egotea gazteei Eikan garatzen ditugun produktuak eta entseguak erakusten. Azken finean, beraiek dira gure etorkizuna, eta garrantzitsua da eskualdeko enpresetara hurbiltzea, egiten duten jarduera bertatik bertara ezagutu dezaten. Garrantzitsua iruditzen zait eskolan ikasten dutenaren osagarri gisa eskualdeko industria-ehuna bertatik bertara ezagutu eta duen garrantziaz kontzientziatu ahal izatea”.
IÑAKI AZPIAZU (Cikautxo)
“Oso ondorio positiboa atera dut, hain jende gazteak zientziari eta teknologiari buruzko kezka eta jakin-mina duela ikusteak erakusten baitu harrobi bat dugula ikasteko prest dagoena. Baliteke horietako batzuk etorkizunean gure enpresan lanean egotea”.
TALENTATU PROIEKTUA
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), Leartibai Fundazioarekin elkarlanean, 2018-2019 ikasturtean TALENTATU izeneko proiektua jarri zuen martxan eskualdeko ikastetxeekin. STEAM (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria nolakoa den ikusi eta etorkizunean bertako enpresak beharko dituzten langile-profilak ezagutzera emateko asmoz, ekintza ugari burutzen dituzte ikasleek egitasmo honen baitan:
Kooperatiba eta enpresetara bisitak (LH eta DBHko ikasleak); Enpresa eta kooperatibetako STEAM profesionalen bisitak ikastetxeetara (DBH eta batxilergoa); Hitzaldiak (batxilergoa eta prestakuntza zikloetako ikasleei); Enpresetan egun bateko egonaldiak (batxilergoko ikasleak); Herri trukaketak (gazteenek beraien herrietan eskualdeko beste herrietako ikasleak hartu dituzte beraien ondarea eta ingurua erakusteko); Erronken lanketa (kooperatibetako ordezkariak eta irakasleak); Emakume Zientzialariak eskualdeko erakusleihoetan; Emakume Zientzialarien eta Teknikoen mahaingurua; eta Zientzia eta Teknologia Eguna, besteak beste.
LH 1eko ikasleetatik hasi eta Prestakuntza Zikloetako ikasleetaraino heltzen da Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak zuzendutako TALENTATU proiektua.
Proiektu honekin eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi da, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertako enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza-ibilbide guztian zehar txertatuz. Eskualdean bertan, enpresek behar duten Talentua sortu nahi da.
LEA-ARTIBAIKO KOOPERATIBEN MAHAIA ELKARTEA
Lea-Artibaiko Burdinolak, Cikautxok, Eikak, Fagor Arrasatek, Kidek, Laboral Kutxak, eta Busturialdeako Maierrek 2003.urtean elkarrekin biltzeko erabakia hartu zuten, elkarlanari ekiteko ideiarekin. 2008. urtean, Leartibai Fundazioaren laguntzarekin eta taldearen dinamizazio-lana beregain hartuta, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea sortu zen.
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen helburu nagusia kooperatiba berriak sustatzea izan da betidanik, eta horretarako 2.000 € eta 30.000 € arteko dirulaguntza eskaintzen du hasierako inbertsioetarako, mentoring eta aholkularitza barne. Horrela, bere ibilbidea hasi zuenetik, 61 kooperatiba berri sortzen lagundu du Leartibai Fundazioarekin lankidetzan. 40 kooperatibak jaso dute mahaiaren babesa eta 399.000 € banatu dituzte laguntzetan.
Halaber, egiten ari ziren ekarpena handitzeko asmoz, 2017.urtean, beste urrats bat ematea erabaki zuen elkarteak, eskualdeko eraldaketa sozialerako proiektuak elkarlanean garatzea, hain zuzen ere.
Erabaki horretatik eratorritakoa da gaur egun lantzen ari diren TALENTATU izeneko proiektu esanguratsu hau. TALENTUA SORTU, MANTENDU ETA ERAKARRI.