Ekaina 2023
SIRENERGY INTERREG EUROPE proiektuak martxoan hasi zuen bere ibilbidea landa-eremuetan energia berriztagarrien estrategien eta proiektuen onarpen soziala sustatzeko helburuarekin. 4 urteko iraupena duen proiektu hau Leartibai Fundazioak lideratzen du EVE-EEErekin (Energiaren Euskal Erakundea) lankidetzan eta 2027ko maiatzean bukatuko da. Gainera, proiektuak Europako (Frantzia, Bulgaria, Polonia, Errumania eta Suedia) 5 erakunde bazkide publiko eta pribaturen laguntza ere izango du ibilbide osoan.
Sirenergy (Social Innovation in Renewable Energies)proiektuarenjarduerei hasiera emateko, ekainaren 13tik 15era bazkide guztiak bildu ziren hemen, Euskadin, bazkideen lan-mahaia eratzeko eta lehen lurralde-bisita ospatzeko. Horrela, Nouvelle-Akitaine (Frantzia), Varna (Bulgaria), Mazovia (Polonia), Errumaniako ipar-ekialdea eta Suediako hego-ekialdetik etorritako ordezkariek Euskadiren Trantsizio Energetikoaren erreferente diren proiektuak ezagutzeko aukera izan zuten.
Jardunaldia Ispasterren hasi zuten herriko “District Heating” proiektua ezagutuz. Proiektu hori localRES izeneko Horizon 2020 programaren baitan garatu da eta biomasa-energian datza, udal-eraikinei eta etxebizitza pribatuei ur bero sanitarioa eta berogailua ematen diena. Gainera, Ispasterko Udala “Ekiola Lea-Artibai” kooperatibaren kide denez, haren xehetasunak ere aurkeztu zizkieten. Bizkaian eratutako lehen Ekiola kooperatiba da eta horri atxikitako udalerriek ingurunean ekoitzitako energia sortzea eta kudeatzea dute helburu. Horrez gain, bazkideek Mutrikuko dikeko BIMEP (Bizkaiko Itsas Energiaren Plataformaren) instalazioak ezagutzeko aukera ere izan zuten.
Bisitaren ondoren, bazkideen lan-mahaian eskualdeetako ahuleziak eta hobekuntzak identifikatzeko beharrezkoa den metodologiaren diseinua finkatu zuten. Metodologiaren helburua da bazkide bakoitzaren landa-eremuetan energia berriztagarrien inguruan dauden arazoak antzematea, testuinguru soziopolitikoa, energia berriztagarrien egungo sistema eta ordezko energia berriztagarrien sistema aztertuz, herritarren energia-aukeretan eta proiektu horien maila anitzeko onarpen sozialean zentratuz.
Euskadiko lurralde-bisita eta lan-mahaian egindako lanaren bidez, hainbat gai aztertu ahal izan zituzten, hala nola partaidetza soziala eta energia berriztagarrien instalazioek ekar ditzaketen onura sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak. Sirenergyren esparruan, bazkideek proiektuaren gai nagusiei buruz elkar ulertzea lortu nahi dute: landa eremua, herritarren energia eta gizartearen onarpena. Energia-politikarako lurralde-eskumenak ere landu nahi dituzte. Hurrengo lurralde-bisita Suedian egingo dute otsailean.
Sirenergy Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du Interreg Europe programaren bidez.