Uztaila 2023
Iazko udan, Leartibai Fundazioak Bizkaia KOSTA BUS jarri zuen martxan, eko-esperientzia pilotu bat, Uribe eta Urdaibai eskualdeekin lankidetzan, Bizkaiko kostaldeari balioa emateko produktu bakar baten bidez, turistak ez baitu mugez ulertzen. Ekimen horren asmoa ez zen izan soilik elkarlanean produktu turistiko bat sortzea eta udako eskaintza handitzea, baizik eta gure helmugak turismo eta mugikortasun jasangarriaren, eko-esperientzien eta 0 km filosofiaren balioen pean kokatzen saiatzea ere.
Pasa den urteko arrakasta ikusita, edizio berri bat antolatu dute aurten, lehenengoaren dinamika eta ezaugarri berberekin. Hau da, autobusez irteerak egingo dira Bilbotik, hiru eskualde sustatzaileak ezagutzeko. Irteerak egun erdikoak izango dira, aurrez ezarritako egunetan, eta, beraz, eskualde bakoitza bi aldiz bisitatu ahal izango da. Bertan, ingurumen jasangarritasunari eta 0 km filosofiari lotutako jarduera turistikoak eskainiko dira, eskualde bakoitzeko enpresen laguntzarekin. Horrela, helmuga bakoitzean ekologiarekin, geologiarekin, kirolarekin eta jasangarritasunarekin lotutako jardueren inguruko ibilbide tematikoa prestatu da. Halaber, parte hartzaileek bertako produktu gastronomikoekin prestatutako 0 km hamaiketakoa dastatzeko aukera izango dute.
Lea-Artibai uztailaren 22an eta abuztuaren 12an bisitatu ahal izango da. Bisita horietan, Lea Ibilbidea egingo da, Paisaia Industrial gisa katalogatutakoa, eta Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidean sartuta dagoena. Ibilbide horretan, parte-hartzaileek Lekeitioko herrigune historikoa eta Mendexako Marierrota Itsas Errota ezagutu ahal izango dituzte. Bisita ezberdina izango da, Lea-Artibai bere dimentsio hirukoitzean (ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala) helmuga jasangarri gisa kokatzen lagunduko duena.
Bizkaia KOSTA BUS KOSTA eta EKO-esperientziak kontzeptuekin definitzen da, “k” horrek gure kostaldeko eskualdeen identitate-faktorea adierazten duelako. Ez da edozein kostalde, ez eta beste edozein eskaintza ere, gure KOSTA da, Bizkaiko kostaldearen jasangarritasunaz, bizi garen ingurunearekiko errespetuaz eta bidaiatzeko modu ezberdinez kontzientziatzeko jarduerak barne hartzen dituena.
Bisita hauetan parte hartzeko izena eman behar da helbide honetan: www.uribe.eu/ms; irteera bakoitzaren programa osoa eta ekimenaren xehetasun guztiak ere bertan kontsulta daitezke.
Eko-esperientzia hau eskualdez gaindiko turismo-estrategietan txertatuta dago, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza du, laguntza-programen bidez.