Urria 2023
Datuak argiak dira, “Lanean den euskal populazioaren ia laurdenak 55 urte baino gehiago ditu” (Naiz Egunkaria, 2023/08/22) eta “Belaunaldi-erreleboaren gatazka berria: hamar enpresatik hiruk arazoak izango dituzte erretiratutako langileak ordezkatzeko”(El Economista, 2023/08/01).
Arazoan gehiago sakonduz, enpresek talentu berriaren beharra daukate; alde batetik, negozio-ereduak aldatu egin direlako eta profil berriak behar dituztelako, eta, bestetik, gizartearen zahartzearen ondorioz epe ertain-laburrean eskualdeko enpresa askok “erretiro masiboa” fenomenoaren ondorioak pairatuko dituztelako, batik bat “baby boom” belaunaldiko pertsonak erretiro-adinera iritsiko direlako.
Lanpostu horiek ordezkatzea ez da lan erraza izango talentua erakartzea eta mantentzea eskualdeko enpresen erronka handienetariko bat delako. Prestakuntza eta esperientzia egokiak dituzten pertsonak aurkitzea ez da erraza egungo lan-merkatuan. Gainera, gazteek landa-eremutik hirira joateko eta Euskaditik kanpo aukera berriak bilatzeko joera dute, eta askok administrazio publikoa aukeratzen dute enpresa pribatuaren aurrean. Horrek desoreka nabarmena dakar enpresa pribatuarentzat.
Egoera horren harira, Leartibai Fundazioa Lea-Artibai eskualdearen TALENTUAREN estrategia definitzeko lanean ari da, helburu nagusia talentua erakartzea, mantentzea eta sortzea izanik. Horretarako ekintza ezberdinak eta baliabideak ezarriko ditu. Testuinguru horretan, lehenengo urrats gisa, ONDORENGOTZA PROGRAMA jarri du abian Ermuko Udalarekin elkarlanean. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenaren Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programaren baitan kokatzen da.
Ondorengotza Programaren helburu nagusia eskualdeko enpresa-ehunaren jarraipena eta hazkundea bermatzea da (batez ere industria-enpresei eta horiei lotutako zerbitzuei zuzenduta dago). Hazkunde hori bermatzeko, beharrezkoa da belaunaldi-erreleboaren gaia mahai gainean jartzea, enpresa bakoitzak bere egoera aztertu eta arazoari aurre egin ahal izateko. Horrela, estrategia egingarri bat planifikatu ahal izango dute etorkizunari begira, Fundazioa bidelagun izanik prozesu osoan zehar.
Leartibai Fundazioak bi motatako zerbitzuak eskaini dizkie eskualdeko enpresei 2023an: mentorizazio pertsonalizatua, gerentzia eta jabetzaren ordezkapena era eraginkor baten kudeatzeko plan bat garatzeko;eta ezagutza transmititzeko lan-saioak ondorengotzaren inguruan.
Saio horiek irailetik azarora bitartean egiten ari dira, non 20 enpresa industrialek parte hartu duten. Hiru gai nagusi dituzte ardatz: nola kudeatu erretiro masiboak, nola kudeatu lanpostu kritikoen erretiroa eta nola kudeatu enplegatuen jabetzarako sarbidea. Dagoeneko bi saio egin dira, irailaren 28an eta urriaren 26an, non lanpostu kritikoetako erretiroak jorratu zituzten. Horietan MIK (Mondragon Ikerketa Kudeaketa) erakundeko ikertzaileek beraien ezagutzak eta esperientziak partekatu zituzten bertaratu ziren enpresa traktoreen artean.
Azaroaren 23an eta 29an azken bi saioak burutuko dira ASLE erakundearen eskutik, “Kudeaketa eta Jabetzako Erakunde Ondorengotza” gaiaren inguruan.
Prestakuntza-saio horietan parte hartu nahi izanez gero, Leartibai Fundazioarekin harremanetan jarri daiteke 94 616 91 72 zenbakian edo kaixo@leartibaifundazioa.eus helbidean.