Azaroa 2023
Talentatu proiektuaren 2023-2024 ikasturteari hasiera eman dio Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), Leartibai Fundazioarekin elkarlanean.
Talentatu 2018-2019 ikasturtean hasi zen Lea-Artibai eskualdeko enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez talentua sortu, erakarri eta fidelizatzeko helburuarekin. Talentua Sortu lan-ildoaren bitartez, eskualdeko ikasleek inguruko enpresek behar dituzten STEM profil profesionalak garatzea sustatu nahi da, etorkizunari begira, bertan lanean gelditzeko aukerak landuz. Era berean, eskualdearekiko lotura eta ezagutza sustatu nahi da ikasleengan.
Aurtengoa Talentatu proiektuaren 6. edizioa izango da Lea-Artibai eskualdean eta 5. Busturialdean, eta berrikuntzekin dator. STEAM eremuan gehiago sakondu eta eskualde bietako emakume zientzialariak ezagutzera emateko helburuarekin, arduradunek ekintza berriak txertatu dituzte ikasturte berriari begira prestatu duten egitarauan.
Horren harira, aurten estreinakoz, proiektuan parte hartuko duten ikastetxeetako DBHko lehenengo mailako geletara EHU-UPVko irakasleak joango dira STEAM irakasgaien inguruan tailerrak egitera. Irakasle horiek, gainera, eskualdeko emakume zientzialariak izango dira. DBHko hirugarren mailako ikasleek, aldiz, programazio tailerrak egingo dituzte Gaia klusterraren eskutik, eta horrek programaziora, alfabetatze digitalera eta pentsamendu konputazionalera hurbiltzea ahalbidetuko die. Batxilergoko lehen mailako eta Prestakuntza Zikloetako ikasleei dagokienez, 42 Urduliz Programazio Kanpusa ezagutzeko aukera izango dute berrikuntza gisa.
Ekintza berri horiez gain, aurreko edizioetan bezala, kooperatiba eta enpresetara bisitak egingo dituzte ikasleek, eta enpresetako langileen hitzaldiak entzun eta haiek jarritako erronkak lantzeko aukera ere izango dute. Lea-Artibaiko Emakume Zientzialariak ezagutzera emateko, haiekin mahai-ingurua antolatuko dute. Berrikuntza gisa, aurten, ikastetxe bakoitzeko bi ordezkarik parte hartuko dute mahaian eta ikastetxeekin online bidez konektatuko dira. Gainera, Emakume Zientzialari horiek eskualdeko erakusleihoetan ikusgai jarriko dituzte. Egitarauarekin bukatzeko, ikasturte amaieran Lea-Artibaiko eta Busturialdeko Zientzia eta Teknologia Eguna ospatuko da, non ikasleek robotika, materialak, elektronika, matematika eta elektrizitatea bezalako gaiak lantzeko aukera izango duten Kooperatiben Mahaiko enpresen eta EHUko eta Leartiker zentro teknologikoko ikertzaileen eskutik.
Edizio honetan Lea-Artibaiko eta Busturialdeko 21 ikastetxe, 2.500 ikasle inguru, 7 kooperatiba, kooperatiba horietako 40 bazkide eta hainbat enpresa eta merkatarik parte hartzea aurreikusten da. Egitasmo hau hezkuntza-etapa ezberdinetako ikasleei zuzenduta dago, eta jarduerak etapa bakoitzera egokituta daude; Lea-Artibain lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergo eta prestakuntza-zikloetako ikasleentzat diseinatu da proiektua. Busturialdean, berriz, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleekin landuko da.
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea 2008. urtean sortu zen, Leartibai Fundazioaren laguntzarekin, kooperatiba berriak sustatzeko helburuarekin. Ildo horretan, 61 kooperatiba berri sortzen lagundu dute dagoeneko, baina, 2017an, beste urrats bat ematea erabaki zuen elkarteak; eskualdeko eraldaketa sozialerako proiektuak elkarlanean garatzea. Horren harira jaio zen TALENTATU proiektua: TALENTUA SORTU, FIDELIZATU ETA ERAKARTZEKO.