Azaroa 2023
Leartibai Sarien bigarren edizioko sariak banatu ziren atzo Ziortza-Bolibarreko udaletxeko aretoan. Lea-Artibaiko ekintzaileak omendu, eskualdean lanpostu berriak sortu eta gizartean oro har ekintzailetza sustatzea helburu duen ekimen hau Leartibai Fundazioak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen laguntzarekin.
Sari-banaketa ekitaldia Esti Plazak, Leartibai Fundazioko ekintzailetza, merkataritza eta talentu arduraduna, eta Nerea Gartziak gidatu zuten, eta bertan izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea, Lea-Artibai eskualdeko udalak, eskualdeko merkatari elkarteak, lehiaketan parte hartu duten ekintzaileak, aurreko edizioko partaideetako batzuk eta eskualdeko hainbat ekintzaile.
Aurtengo Leartibai Sarien ediziora 31 proiektu aurkeztu dira guztira, iaz baino 13 gehiago. 2022-2023 epealdian Lea-Artibai eskualdean negozio berri bat martxan jarri duten ekintzaileak parte hartu dute lehiaketan. Horrela, haiei errekonozimendua emateko asmoarekin, 5 modalitate hauek saritu ziren:
Sarituak
Negozio-ideia berritzaile onenari saria (2.000 € + garaikurra)
DAONAZ
Ekintzailea: José Luis Ezkerra Pérez, Amoroto.
“Urte asko daramatzat nekazaritza ekologikoan lanean eta nire produktuen bidez jendeari osasuna eskaini nahi diot.”
Jarduera ekonomikoa: baratxuri beltza, barazki eta fruta deshidratatuen ekoizpena eta salmenta.
Joseba Goienolak (Leartibai Fundazioko lehendakaria) eman zuen saria, Leartibai Fundazioaren izenean.
Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onenari saria (2.000 € + garaikurra)
CUERPO Y ALMA
Ekintzailea: Andreia Patricia Gómez Branco, Ondarroa.
“Oso pozik eta eskertuta nago negozioa aurrera ateratzeko eman didaten laguntzagatik.”
Jarduera ekonomikoa: estetika + erlaxazio zerbitzua.
Andoni Larizek (Ziortza-Bolibarko alkatea) eman zuen saria, Leartibai Fundazioaren izenean.
Kooperatiba ereduari saria (2.000 € + garaikurra)
Bertan behera gelditu da.
Gazteek sortutako negozio-ideia onenari saria (2.000 €-ko 5 sari + garaikurra)
BETI PREST AUTOAK
Ekintzaileak: Boubaker El Farh eta Mohsin Zligui, Ondarroa.
Jarduera ekonomikoa: mekanika eta karrozeria zerbitzuak.
BUZTARRI TABERNA
Ekintzaileak: Mikel Gandiaga eta Kepa Gandiaga, Markina-Xemein.
“Jende jatorra etortzen da gure tabernara, giro polita sortzen da eta musika ere ona da. Gonbidatuta zaudete denok nahi duzuenean etortzera.”
EMESE
Ekintzailea: Selene Chica, Markina-Xemein.
“Negozioa martxan jartzeko orduan bidelagun izan dudan Leartibai Fundazioa eta, batez ere, Yanoba nahi ditut eskertu, dena errazago delako beraien laguntzarekin.”
Jarduera ekonomikoa: emakumezkoen arropa eta osagarriak.
PASTOR
Ekintzailea: Ramona Lisa Tomoiaga, Ondarroa.
“Oso zaila da negozio bat martxan jartzea, baina lan egiteko gogoa daukagu eta aurrera jarraituko dugu. Eskerrik asko.”
Jarduera ekonomikoa: janari prestatua.
URKI
Ekintzailea: Urki Olaetxea, Ondarroa.
“Sorpresa handia izan da, oso pozik nago astetik astera lana ugaritzen ari delako, eta publizitaterik ez dut egin oraindik.”
Jarduera ekonomikoa: energia berriztagarriak eta elektrizitate lanak.
Esti Plazak (Leartibai Fundazioko ekintzailetza, merkataritza eta talentu arduraduna), Udal Gaztedi Lea-Artibai 2023 proiektuaren koordinatzaile gisa, Urtza Bilbaok (Ondarroako alkatea) eta Arkaitz Goikoetxeak (Munitibarko alkatea) eman zituzten sariak.
Emakume ekintzaileari saria (500 € + garaikurra)
BARE-BARE ARNAS LEKU
Ekintzailea: Miren Maitena Mendieta Ibarra, Lekeitio.
“Eskerrak eman nahi dizkiot Leartibai Fundazioari eta, bereziki, Yanobari urte guztian zehar eman didan laguntzagatik. Sari hau ondo etorriko zait negozioan inbertitzeko eta hobekuntzak egiteko.”
Jarduera ekonomikoa: yoga eta meditazioa.
Yanoba Mariezkurrenak (Leartibai Fundazioko ekintzailetza proiektu kudeatzailea) eman zuen saria, Leartibai Fundazioaren izenean.
Laguntza ekonomikoaz gain, irabazleek abantaila hauek izango dituzte: Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegiko espazioetan kokatzeko lehentasuna; Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko erraztasuna; eta negozio-ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza Leartibai Fundazioko ekintzailetza-teknikarien eskutik.
Ekitaldiaren amaieran Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak aurreskua dantzatu zien irabazleei.
Gazteentzako 5 sari
Udal Gaztedi Lea-Artibai 2023 Bizkaiko Foru Aldundiak Lea-Artibaiko 12 udalerriekin lankidetzan sustatutako proiektuari esker, Gazteen kategoriari bultzada berezia eman zaio aurtengo edizioan, eta 10.000 € banatu dira eskualdean negozioa jarri duten 5 gazteren artean.
Proiektu horren erronka gazteen emantzipazioa bultzatzea da, prestakuntzarekin eta laneratzearekin lotutako ekintzak definituz eta martxan jarriz. Udal Gaztedi Lea-Artibai 2023 Leartibai Fundazioak kudeatzen du, eta egitasmo horren baitan eman zaie saria eskualdean enpresa bat sortu duten 5 gazteei.
Instagram lehiaketa
Instagram lehiaketako sariak ere atzo banatu ziren. 684 pertsonek bozkatu dute gustukoen duten proiektuaeta horien artean online bidezko zozketa egin da. Irabazlea Olaia Golzarri Markina-Xemeindarra izan da, eta eskualdeko produktuez osatutako otzara bat jaso zuen. Aurten, gainera, proiektu bozkatuena ere saritu da. 329 botorekin Markina-Xemeingo Buztarri Taberna izan da irabazlea, eta horrek ere otzara bat jaso zuen atzoko ekitaldian. Sariak Maider Legarrak (Leartibai Fundazioa) eta Amaia Zabalak (Gizaburuagako alkatea) eman zituzten, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartearen izenean “Hamen Bertokoa” egitasmoaren baitan.
Ekintzailetza kultura hedatzen
Leartibai Fundazioa Lea-Artibai eskualdearen garapenarekin konprometitua dagoen erakundea da bere misioetako bat negozio berriak sustatzea izanik. Leartibai Sariak ekimenarekin ekintzailetza kultura hedatu, kooperatiba eredua sustatu eta balio erantsi altuko enpresa berritzaileak bultzatzen jarraitzeko asmoa du.