Urtarrila 2024
Lea-Artibai eskualdean, urtero, hainbat pertsonak beren kabuz ekiteko erabakia hartzen dute, batez ere norberaren enplegagarritasuna hobetzeko asmoz, baina baita malgutasun, autonomia eta gogobetetze handiagoa lortzeko ere.
Iaz, 2023an, ekintzailetza-sen horri jarraituz, 36 enpresa berri sortu ziren eskualdean, aurreko urtean baino 15 gehiago. Horri esker, 42 lanpostu berri sortu ziren (23 emakume eta 19 gizon) eskualdearen garapen ekonomikoari bultzada emanez.
Horrela, Ondarroa izan zen negozio gehien estreinatu zituen udalerria, 11 guztira, eta, ondoren, Lekeitio, 10. Markina-Xemeinen kasuan 8 negozio berri sortu ziren, Ziortza-Bolibarren eta Gizaburuagan 2 eta Berriatua, Etxebarria eta Munitibar Arbatzegi-Gerrikaitzen 1.
Jarduera ekonomikoari dagokionez, askotariko negozioak dira:
- Zerbitzu bat eskaintzen duten enpresak (10). Horietatik 5 norberaren ongizatearekin eta zaintzarekin lotutako negozioak dira, pilates, yoga, gap… klaseak eskaintzen dituztenak. Besteak, ordea, ile-apaindegi eta estetikako zerbitzuak, nutrizioari lotutakoak…
- Merkataritzako establezimenduak (10). Arropa, gozoki eta janari denda; janari prestatuak; online salmenta; artisau produktuen salmenta…
- Industriari lotutako enpresak (2). Bata enpresei zerbitzua ematen diena eta bestea elikagaiak ekoiztera bideratua.
- Gremioak (5). Elektrizitatea, energia berriztagarriak, igeltserotza, pintura-lanak…
- Turismoko eta ostalaritzako enpresak (9). Ia guztiak tabernak.
Ekintzailetzak, enplegua bilatzeko edo hobetzeko aukera izateaz gain, gizartea aldatzen laguntzen du, lanpostu berriak sortzen lagunduz eta herritarren garapena eta ongizatea sustatuz. Beraz, enpresa berri horiek sortzeak eragin positibo handia du Lea-Artibai eskualdean, eraldaketa soziala eta garapen ekonomikoa bultzatzen baititu.