Otsaila 2024
Eskualdeko Giza Baliabideen Mahaiaren 2024ko lehen bilera ospatu zen, otsailaren 27an, Leartibai Fundazioaren egoitzan.
Pasa den urtean, Lea-Artibain, talentuaren inguruko plan estrategikoa zehaztu zen, eskualde mailako hainbat eragileren lankidetzarekin. Plan horretan, talentua sortzeko eta erakartzeko eta lehendik dagoena fidelizatzeko eskualdeko enpresek behar dituzten helburu eta ekintza estrategikoak zehaztu ziren. Horren harira, “Lea-Artibain laneratu eta bizitzeko talentua erakarri” lerro estrategikoaren baitan, Giza Baliabideen Mahaia sortu da, Leartibai Fundazioaren ekimenez.
Lea-Artibaira talentua erakartzeko estrategiak definitu eta martxan jartzea helburu duen Giza Baliabideen Mahaiak eskualdeko 8 enpresa ditu bazkide une honetan: Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Lea Artibai Ikastetxea, Leartiker eta Nemak.
Lehen bilera hori Leartibai Fundazioak dinamizatu zuen MIK-ekin (Mondragon Korporazioaren Enpresa Kudeaketan Ikerketa Zentroa) batera, eta bertan izan ziren Burdinola, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Leartiker eta Nemak enpresetako giza baliabideetako teknikari edota zuzendariak. Bileraren baitan, Fagor Ederlan kooperatibak talentu juniorra erakartzera begira dituen jardunbide egokiak ezagutzeko aukera izan zuten, eta 2024an mahaian landuko diren gaiak ere zehaztu zituzten.
Urte honetarako beste bi bilera aurreikusi dituzte, ekainean eta urrian ospatuko direnak. Bitartean, Leartibai Fundazioak, enpresekin lankidetzan, elkargune horietan hartzen diren erabakiak eta estrategiak hedatzeari ekingo dio.