Martxoa 2024
Frantzia, Italia, Hungaria, Finlandia eta Poloniako turismo-politiken arduradunek Lea-Artibai, Uribe eta Urdaibai eskualdeak bisitatu dituzte, otsailaren 29an eta martxoaren 1ean, SYSTOUR INTERREG EUROPE proiektuaren baitan. Europako proiektu horren helburu nagusia da turisten fluxuak balioztatu gabeko landa-eremuetara eramatea, proiektuan inplikatutako eskualdeen berezitasunak balioan jarriz eta nabarmenduz, eremu bakoitzeko fluxuetan oreka bilatuz eta espazioak mugikortasun jasangarriaren, konektibitate digitalaren eta eskualde batek eskain ditzakeen benetako esperientzien bidez lotuz.
Lea-Artibai eskualdeak, fluxu turistikoak kontrolatzearen garrantziaz jabetuta eta turismo jasangarriaren estrategiarekin jarraituz, helburu horrekin bat egiten du, eta proiektuan aktiboki parte hartzen ari da; beraz, Leartibai Fundazioa izan da seihileko bigarren bisita tekniko honetako erakunde anfitrioia.
Bi egun horietan, goian adierazitako helburuen arabera proiekturako aurrez identifikatutako jardunbide egokiak bertatik bertara ezagutu eta bizi ahal izan dituzte.
Horrela, 29ko jardunaldiari hasiera emateko, Joseba Goienola Leartibai Fundazioko presidenteak ongietorria eman zien. Bertan, eskualdeak aurrean dituen erronkak aipatu zituen, baita bere posizionamendu eta bereizketa turistikoaren mugarriak ere. Jarraian, proiekturako identifikatutako jardunbide egokiak aurkeztu ziren:
- Lea Artibai Fest.
- Lea Ibilbidea.
- Bizkaia Kosta Bus.
- BBAG eta helmugako gobernantza-ereduak.
- Talentua mantentzea Lea-Artibain.
- Lekeitioko Itsas Ondarea (Hericoast Interreg Europe proiektuak jardunbide egokitzat hautatu zuen).
- Lekitto Bedarrak, Lagunkoia eta Auzolana.
- Ondarroako muralak.
Aurkezpenaren ondoren, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten ekitaldi horietan eskaintzen diren bisita eta esperientziak, baita Lea-Artibaiko baliabide garrantzitsuenak ere. Horretarako, eskualdeko eragile publiko zein pribatuen laguntza izan zuten.
Martxoaren 1ean bisita Bizkaiko kostaldeko eskualdeetara zabaldu zen. Lehenik eta behin, Urdaibaira hurbildu ziren, eta bertan, Urdaibai Bird Center bisitatu ondoren, Urdaibai Biosfera Erreserbako TJEG-ren proiektua ezagutzeko aukera izan zuten, Nerea Del Moral eta Eider Ormaetxearen eskutik.
Ondoren, Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkarteko Jagoba Martinezek Getxoko Udalarekin elkarlanean garatzen ari diren Flysch Bizkaia proiektua aurkeztu zuen Barrika-Uriben.
Bisitatutako jardunbide egokiek harrera bikaina izan dute proiektuaren bazkideen artean. Gehien nabarmendu zituzten alderdiak honako hauek izan ziren: esperientzien eta eskaintzaren benetakotasuna; turismoari dagokionez eragileen dibertsifikazioa; bidezidorren sarearen bidez eskualde osoan zehar fluxuak dibertsifikatzeko egiten diren ahaleginak; eta, batez ere, tokiko nortasuna eta ondarea kontuan hartuta lantzen den posizionamendua. Horren adibide gisa, Urtza Alkorta Ondarroako alkatearen ongietorri hitzak azpimarratu zituzten: “Ondarru herri arrantzale txiki bat da, eta itsasoa eta arrantza nortasun-ikur sendoak eta oso garrantzitsuak dira turismoari begira. Itsasoak garena egin digulako eta hori da erakutsi nahi duguna… “