Martxoa 2024
Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Leartibai Fundazioak, bigarren aldiz, Lea-Artibaiko neska eta emakume zientzialariak bistaratu eta ezagutzera eman nahi izan ditu udalerri ezberdinetan. Ekimen hori aurrera eramateko, inguruko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleen laguntza izan du, eta eskualdeko establezimenduetako erakusleihoak emakume zientzialarien posterrekin apaindu dituzte.
Euskarri horietan emakume bakoitzaren profila aurkeztu da: argazkia, ikasketak, lan-ibilbidea, hobbyak, irakasgai gustukoenak, eta abar. 19 emakume ikusarazi dira aurten, askotariko prestakuntzarekin: ingeniaritza, fisika, medikuntza, erizaintza, matematika, biologia…Establezimenduetako erakusleihoak martxoaren 1etik 10era egon dira ikusgai.
Ekimen horren bitartez, Lea-Artibai eskualdeko emakume zientzialariak bistaratzeaz gain, ume eta gurasoak merkataritzara hurbildu, tokiko merkatarien eskaintza balioan jarri eta bertoko kontsumoa bultzatu nahi izan da.
Guztira, eskualdeko 19 establezimenduk parte hartu dute beraien erakusleihoak utziz: Aulestiko 2, Berriatuako 3, Lekeitioko 4, Markina-Xemeingo 5 eta Ondarroako beste 5. Eta 6 ikastetxetako ikasleak animatu dira horiek apaintzera: Aulestiko Urregarai herri eskola, Berriatuako eskola, Lekeitioko Azkue ikastola, Markina-Xemeingo Bekobenta eskola publikoa eta Ondarroako Zubi Zahar ikastola eta Zaldupe eskola.
Lea-Artibaiko Neska eta Emakume Zientzialariak eskualdeko erakusleihoetan ekimena Talentatu proiektuaren 2023-2024 ikasturteko ekintzen parte da, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier) eta Leartibai Fundazioak elkarlanean sortua, eta eskualdeko merkatarien elkarteekin koordinatuta burutu da: Lekeitioko Kitto, Markina-Xemeingo Hemen Bebai eta Ondarroako Zatozte.