
Programaren helburua da euskal enpresen areto teknikoetan edo DPZetan dauden azpiegiturak Cloud ingurune komertzialetara migratzeko proiektuei laguntzea. Proiektu horiek Cloud zerbitzuak eskaintzen dituzten hornitzaile teknologikoek inplementatu beharko dituzte.
Erakunde Onuradunak
Hitzarmen honen onuradun izango dira Euskadin enpresa-jarduera egiten duten pertsona fisiko eta juridikoak, enpresaren tamaina edozein dela ere, hala eskatzen badute, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda badaude.
Diruz lagun daitezkeen jarduerak
Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira honako tipologia hauetako proiektuak:
- Aholkularitza Cloud Estrategian.
- Kokalekua: Hirugarrenen datu-zentro batean zerbitzariak eta beste hardware-ekipo batzuk ostatatzea.
- Hosting: enpresa batek espazioa eta baliabideak alokatzen ditu zerbitzuen hornitzaile baten jabetzakoak diren eta hark kudeatzen dituen azpiegitura teknologikoetan.
- IaaS (azpiegitura zerbitzu gisa).
Diruz lagun daitezkeen gastuak
Diruz lagundu daitezkeen gastu eta/edo inbertsiotzat hartuko dira aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta softwareko gastuak, azpiegitura Cloud inguruneetara migratzearekin hertsiki lotuta badaude eta baldintza hauek betetzen badituzte:
- 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera eta proiektua gauzatzeko ezarritako epean sortutakoak edo fakturatutakoak. Epe horrek ezin izango du 12 hilabete baino gehiago iraun, eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita.
- Kanpoko enpresa adituek egindakoak.
Deialdi honetan, 50.000 euroko dirulaguntza emango da gehienez enpresa onuradun bakoitzeko, jarduera bat edo gehiago egiteko.
Proiekturako onartutako aurrekontuen gaineko dirulaguntzaren ehunekoa, diruz lagundu daitezkeen kontzeptu bakoitzeko, % 50ekoa izango da.
Gauzatze Epea
Proiektuak gehienez 12 hilabeteko epean gauzatu beharko dira, eskabidea aurkezten denetik zenbatzen hasita.
Justifikazio Epea
Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu ondoren, eta gehienez 90 egun naturaleko epean, erakunde onuradunek jarduera hori justifikatu beharko dute.