
Agindu honen xedea da I+G+B garatzeko ikerketa-azpiegiturak eta -ekipamenduak erosi, instalatu eta eguneratzen laguntzeko eta horien emaitzak etorkizunean baliozkotu eta erakusteko 2025. urtean erakunde zientifiko-teknologikoek, hau da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatuta dauden zentro teknologiko multifokalizatuek, eman beharreko laguntza-programa arautzea. Hori guztia emaitzen kalitatea eta emaitzen inpaktu zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta soziala hobetzera bideratuta dago.
Erakunde onuradunak
Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratuta dauden eta horretarako zentro teknologiko multifokalizatuen eta ikerketa kooperatiboko zentroen kategorietan egiaztatuta dauden eragile zientifiko-teknologikoek.
Nolanahi ere, aurreko paragrafoan adierazitako erakunde onuradunek berek egin beharko dituzte arau honetan ezarritako diruz lagundu daitezkeen jarduerak, eta laguntzaren xede diren proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatu beharko dituzte.
Diruz lagun daitezkeen jarduerak
Diruz lagundu ahal izango dira ikerketako azpiegiturak eta ekipamendua erosteko, instalatzeko eta eguneratzeko jarduketak, eraikinak eraikitzeko, birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta ikerketa-jardueretan erabilitako altzariak barne, baita etorkizuneko baliozkotzea eta emaitzen frogapena ere.
Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa-azpiegitura eta -ekipamendutzat hartzen da ikerketa-jarduerak garatzeko eta etorkizunean emaitzak baliozkotu eta erakusteko behar diren baliabide fisikoen (ekipoak) eta instalazioen (beharrezko baliabide fisikoak dituen esparrua) multzoa.
Ekipamendu hori ekipamendu bakar bat izan daiteke, edo instalazio bat, edo ekipamendu-multzo bat, espazio bakar bat edo helburu jakin bat hornitzeko. Era berean, ekipamenduaren helburua betetzeko behar diren aldaketak, gehigarriak, osagarriak edo aparatu osagarriak ere sar daitezke.
Diruz lagun daitezkeen gastuak
Honako hauek hartuko dira gastu finantzagarritzat: aktibo finko material eta ez-materialen exekuzio-kostuak, ikerketa-azpiegiturak eta -ekipamendua eskuratzetik zuzenean eratorriak; eguneratzeko beharrezkoak diren osagarriak edo tresna osagarriak erostea; eta ekipamendua martxan jartzeko eta funtzionatzeko zalantzarik gabe behar diren beste kostu batzuk.
Era berean, gastu finantzagarriak izan daitezke izaera espezializatuko software-lizentzia iraunkorrak, soil-soilik ikerketara bideratutakoak eta erositako ekipamendua behar bezala erabiltzeko aukera ematen dutenak.
Proiektuaren kostuen auditoretzari dagozkion gastuak ere finantzatu ahal izango dira. Auditoria-kostua gehienez 1.500,00 eurokoa izango da proiektu eta erakunde onuradun bakoitzeko.
Laguntzen zenbatekoa
Erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzen mugak ehuneko hauetara irits daitezke:
- % 50, azpiegituraren erabilera erakundearen jarduera ekonomikoarekin lotuta badago.
- % 100, azpiegituraren erabilera erakundearen jarduera ez-ekonomikoarekin lotuta badago.
Laguntzaren mugak
Ikerketa-azpiegitura eta -ekipamenduen proiektu bakoitzaren inbertsioaren guztizko kostuak 100.000 euro edo gehiagokoa eta 1.000.000 euro edo gutxiagokoa izan beharko du. Ez da onartuko zatikatzea 1.000.000 eurotik gorako aurrekontua duten hainbat ekipamendu-proiektutan. Proiektu berean ez dira onartuko, ezta ere, elkarrekin loturarik ez duten eta 100.000 eurotik beherako kostu unitarioa duten hainbat elementu.
Muturreko berezitasuna duten proiektuek (ebaluazio teknikoan 90 puntutik gorako puntuazioa lortu dutenek) 1.000.000 euroko aurrekontuaren muga gainditu ahal izango dute.
Zentro bakoitzak aurkeztutako aurrekontuaren zenbateko osoak ezin izango du gainditu aurreko ekitaldiko I+Gko ustiapeneko diru-sarreren % 10.
Laguntzaren ordainketa
Laguntzak zuzenean erakunde onuradunei ordainduko zaizkie, zatika, honela:
- Dirulaguntzaren % 70 ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da.
- Dirulaguntzaren gainerako % 30a ordaintzeko, aldez aurretik dagokion jarduera egin dela eta ezarritako helburuen eta egindako gastuaren betetze-maila agiri bidez justifikatu beharko da.
Gauzatze Epea
2025 eta 2026ko urriaren 31 bitartean garatzen diren proiektuak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara.
Justifikazio Epea
Dirulaguntzaren justifikazioa 2026ko azaroaren 30era arte egin ahal izango da.