Gazteriaren esparruan, 2024. urtean egiten diren urteko egitarauak eta jarduera zehatzak burutzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea eta horretarako deialdia egitea da ebazpen honen xedea, betiere ondorengo baldintza eta betebeharrak aintzakotzat izanik.
Onuradunak
Ebazpen honetako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta araudi honetan zehazten diren eremuetan sustapen eta zabalkunde jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek.
Erakunde Onuradun Izateko Betekizunak
- Erakunde eskatzailea dagokion erregistroan legez eratuta eta inskribatuta egon behar da.
- Erakunde eskatzaileak egunean izan behar ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak, indarrean dagoen legediak ebazpen bezala, onuradun izateko eta izaera hori dirulaguntzaren likidaziora arte mantentzeko.
- Ezin izango zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duten jarduerei, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian.
- Era berean, erakunde eskatzaileak orokorrean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko
38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bete beharko ditu.
Diruz Lagunduko Diren Programak edo Jarduerak
Honako eremu hauetan egiten diren urteko programak eta jarduera zehatzak lagundu ahal izango dira:
- Betiere jarduera esparrua lurraldez gaindikoa delarik, urteko jarduera-programak, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren bizi-kalitatea hobetzeko eta sustatzeko xedea dutenak.
- Erakundeen arteko sustapena, ezagutza, berrikuntza, gizarte-sentsibilizazioa, lankidetza eta sare-lana bultzatzeko eta indartzeko ekimenak, Astialdi Hezitzailea Auzoetan 2030 – Aisialdiko Hezkuntza Sustatzeko 2030 Euskal Estrategiaren esparruan.
- Euskal Autonomia Erkidegoan aintzatetsita dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeen titulartasuneko animazio soziokulturalerako eskolek antolatzen dituzten dinamizatzaile soziokulturalentzako ikastaroak. Atal honetako dirulaguntzak 500 eurokoak izango dira ikasle bakoitzeko, gehienez.
- Urteko programaziotik kanpoko jarduerak, euskal gazteriaren bizi-kalitatea hobetzeko eta sustatzeko helburua dutenak. Jarduera horien guztien helburu eta edukiak berritzaileak izango dira edo gizartean eragina izango dute.
Diruz Lagun Daitezkeen Gastuak eta Aurrekontua
Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak eta deialdi honetan ezarritako epean, emakida ebazpenean edo litezkeen aldaketetan egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da, inola ere, merkatuko balioaren gainetikoa izan ahal izango.
Diruz laguntzeko moduko gastuak bi multzotan banatzen dira, zuzenak eta zeharkakoak:
- Diruz lagundutako gastu zuzenak. Diruz lagundutako gastu zuzenak dira, aurreko baldintzak aintzat hartuta, dena delako programa edo jarduera gauzatzearekin zuzenki loturiko kostu berariazkoak eta, beraz, programa edo jarduerari zuzenean kargatu dakizkiokeenak. Gastu zuzenen barruan, jarduera zabaltzeko gastuen diru-kopuruak ez du gaindituko, programa edo jarduerari emango zaion dirulaguntza zehazterakoan, programa edo jardueraren aurrekontuaren % 20.
- Diruz lagundutako zeharkako gastuak. Diruz lagundutako zeharkako gastuen barruan programa edo jardueraren aurrekontuaren % 20 arterainoko kopurua sartu ahal izango da, betiere onuradunaren kostu administratibo orokorren zati bat, behar bezala justifikatuta, programari edo jarduerari eslei dakiokeenean.