Ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak aurrera eramateko laguntzen programa arautzea eta deialdia egitea da agindu honen helburua. Proiektu horiek izaera lehiakorra nahiz estrategikoa izan dezakete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean jasotako espezializazio-esparruetan gauzatu behar dira.
Entitate Onuradunak
Honako entitate hauek izan daitezke agindu honetako dirulaguntzen onuradun:
- Enpresak: Enpresa Handiak edo ETEak.
- Enpresa-taldeak eta -elkarteak, haien legezko forma edozein dela ere.
Diruz Lagundu Daitezkeen Jarduerak
Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 85. eta 86. puntuetan jasotako definizioaren arabera, diruz lagundu ahal izango dira ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerak.
- Ikerkuntza industrialeko jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak era esanguratsuan hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzera daude bideraturik. TRL 4 (“Technology Readiness Level”) mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.
- Garapen esperimentaleko jarduerak. Aurretik ere baziren jakintza eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak, eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, planak eta egiturak nahiz produktu, prozesu eta zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. TRL 7 (“Technology Readiness Level”) mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.
Diruz Lagundu Daitezkeen Proiektuak
Araubide honen helburua diruz lagundu daitezkeen honako proiektu-tipologia hauei laguntzea da:
- Izaera lehiakorreko ikerketa- eta garapen-proiektuak.
- I+G proiektu lehiakortzat hartuko dira produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko edo lehendik daudenak nabarmen hobetzeko ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak.
- Izaera lehiakorreko I+G proiektuentzako laguntzak jaso nahi dituzten proiektuek I+G jarduera-multzo koherentea azaldu beharko dute, produktu, prozesu edo zerbitzu originalak eta lehendik daudenak baino hobeak garatzera argiro bideratua. Jarduera horien helburua merkatuaren eta gizartearen eskariari hobeto erantzutea izan behar du.
- Ez dira «produktu/prozesu/zerbitzu berriak garatzeko proiektutzat» hartuko lehendik dauden produktuak/prozesuak/zerbitzuak hobetzera bideratutako proiektuak edo garatutako produktuak/prozesuak/zerbitzuak produktu/prozesu/zerbitzu berritzat hartzeko behar besteko berrikuntzarik ez dakartenak. Ez dute dirulaguntzarik jasoko produktuen, ekoizpen-lerro eta -prozesuen, existitzen diren zerbitzuen eta beste operazio arrunt batzuen ohiko edo aldizkako aldaketa normalek, aldaketa horiek hobekuntzak ekar baditzakete ere.
- Izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.
- Diruz lagundu ahal izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetan jasotako izaera estrategikoko ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaleko proiektuak.
- Diruz lagunduko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetan ezarritako izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuei dagozkien I+G+B jarduerak.
Diruz Lagundu Daitezkeen Proiektuen Baldintzak eta Ezaugarriak
Izaera Lehiakorreko Ikerketa- eta Garapen-Proiektuak:
- Diruz lagundu daitezkeen proiektu hauen joka-eremu zientifiko eta teknologikoek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren espezializazio eremuen barruan egon beharko dute.
- Diruz lagundu daitezkeen proiektuak bi eratara gauzatu daitezke: banaka, edo lankidetzan, bi onuradunen edo gehiagoren artean. Proiektuotan ezin izango da jaso lehia murrizteko praktikarik, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 105. eta 106. artikuluetan xedatutakoa betez.
- Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 100.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko da urte bakoitzeko, eta, lankidetza-proiektua bada, gutxienez 50.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu beharko da lankide den enpresa bakoitzeko.
- Lankidetza-proiektuen kasuan:
- Enpresetako batek bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, proiektuak aurrera egin dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin izan behar diren elkarrizketa eta harremanez arduratzeko.
- Taldeko enpresa batek ere ezin izango du azpikontratatu talde bereko beste enpresa bat.
- Laguntzak pizgarri izan daitezen, entitate eskatzaileak laguntza-eskaera egiten duen dataren ondoren abiarazten diren proiektuek baino ezin izango dituzte jaso.
- Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa, non eta ez duen porrot egiten iruzurrik egin gabe.
Izaera Estrategikoko Ikerkuntza Industrialeko eta Garapen Esperimentaleko Proiektuak:
- Diruz lagundu daitezkeen proiektu horietarako jarduera-esparru zientifiko-teknologiko estrategikoak, nagusiki, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean edo Zeharkako Ekimen Eragileetan ezarritako lehentasunen barruan kokatuko dira, gizarte-erronken eta RIS3 estrategiaren artean integrazio handiagoa eta espezializazio-eremuen artean lankidetza handiagoa lortzeko.
- Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, guztizkoaurrekontu bat aurkeztu behar izango da, gutxienez 4.000.000 eurokoa eta gehienez hiru urte iraungo duena.
- Enpresa-taldeek garatuko dituzte proiektuak, lankidetzan. Talde horiek, gutxienez, hiru enpresak osatu beharko dituzte, eta, beren artean lankidetzan aritzeaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen agenteekin aritu beharko dute lankidetzan, azpikontrataturik. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Enpresetako batek, proiektua garatzeko orduan parte-hartze tekniko handiena duenak, bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, proiektuak aurrera egin dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin izan behar diren elkarrizketa eta harremanez arduratzeko.
- Beharrezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile batek gutxienez parte hartzea, ikerketa eta zabalkunderako erakundeei buruzko Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 83. puntuko definizioari jarraikiz, talde horretako enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta. Edonola ere, partaidetza hori, oro har, aurkeztutako aurrekontuaren % 20 izango da, gutxienez.
- Taldeko enpresa batek ere ezin izango du azpikontratatu talde bereko beste enpresa bat.
- Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren urteko aurrekontua 50.000 eurokoa izango da, gutxienez.
- Baldin eta programa honetako izaera estrategikoko proiektuen arlora aurkeztutako proiektuak ez baditu betetzen artikulu honetako c puntuko 1. eta 2. apartatuetako ezaugarriak, modu berezian garatzen dela iritziko zaio.
- Proiektuak programa honetan sartzeko, oinarrizko printzipio hauek betetzen direla kontuan hartuko da bereziki: EAErentzat estrategikoa izatea, Enpresa-lidergoa, Enpresek I+G+Bn inbertsio handia egitea, Euskadiren gaitasun zientifiko eta teknologikoak aprobetxatzea, Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala, Euskal ekonomian eragindako trakzio-efektua.
- Laguntzak pizgarri izan daitezen, entitate eskatzaileak laguntza-eskaera egiten duen dataren ondoren abiarazten diren proiektuek baino ezin izango dituzte jaso.
- Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan
geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa, non eta ez duen porrot egiten iruzurrik egin gabe.
Diruz Lagundu Daitezkeen Gastuak
Honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak:
- Langileen zuzeneko kostua.
- Zeharkako kostuak.
- Kanpo-aholkularitza eta zerbitzu baliokideen kostuak, bai eta proiektuaren espezializazio handiko zatien azpikontratazioarenak.
- Azpikontratazio-kostuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile ondorio horietarako akreditatuekikoak, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamenduaren 25.3 artikuluko d) apartatuarekin bat etorrita.
- Proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak.
- ETEentzako jabetza-eskubide industrialen kostuak, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluko 3. paragrafoaren d) apartatuari jarraituz.
- Ustiapen-gastuak (hala nola materialen eta hornikuntzen kostuak), ikerkuntza-jardueraren ondorioz zuzenean egindakoak.
- Ikerkuntza-jarduerarako soilik eta era jarraituan erabilitako instrumentu eta ekipamenduen kostuak.