
Programaren helburua da enpresen zibersegurtasun maila nabarmen handitzen laguntzen duten proiektuak bultzatzea.
Erakunde onuradunak
Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresek jaso ahal izango dituzte programa honetako laguntzak, baldin eta:
- Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea; zentro horretan, aurkeztutako proiektuak eragina izan beharko du, eta bertan egingo da diruz lagundu daitekeen jarduera.
- Euskadiko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda badaude.
Diruz lagun daitezkeen jarduerak
Agindu honen babesean, honako jarduera hauek lagundu ahal izango dira diruz:
- Zibererasoen aurrean babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa IT/OT inguruneetarako (Information Technology Operational Technology). Arkitektura seguruak diseinatu eta gauzatzea eta, hala badagokio, enpresa-sareen segmentazioa gauzatzea.
- Ekipoak, kontrolak eta eragiketak mantentzeko behar diren ekoizpen-instalazioetako ekipoetarako OT urruneko sarbideak sekurizatzea, gero eta maizago urrunetik egiten diren lanak.
- Informazioa/datuak sekurizatzea. Erakundetik kanpoko pertsonek egindako erasoen auditoriak eta simulazioak, eta konpainiaren datuetarako sarbide-maila desberdinak dituzten barne profilen gaineko auditoriak.
- Gailu elektronikoen zibersegurtasuna ebaluatzea eta ziurtatzea.
- Enpresako langileak zibersegurtasunaren arloan kontzientziatzeko eta/edo gaitzeko ekimenak.
- Zibersegurtasunaren arloko industriaren egungo egoeraren diagnostikoa eta zibersegurtasuna hobetzeko ekintza-plana egitea. Arriskua eta kalteberatasuna aztertzea. Sistema kritiko bateko elementuen inbentarioa. Intrusio-testa egitea. Web aplikazioetako kalteberatasunak aztertzea. Hari gabeko komunikazioen auditoretzak.
- DPZak erreplikatzea, Disaster Recovery edo kontingentzia-planekin lotutako zibersegurtasun-politikak ezartzeko, bai eta edozein enpresatan negozioaren jarraitutasuna bermatzera bideratutako erabilgarritasun handiko agertokietarako ere.
- Zibersegurtasuneko estandarrak edo zibersegurtasuna kudeatzeko beste estandar asko eta asko lortzeari eta betetzeari buruzko jardunbide egokiak eta ziurtapen-prozesuak hartzea.
- Informazio estrategikoa edo sentikorra babesteko neurriak, hala nola jabetza intelektuala, I+G+b estrategiak, eraikinen edo produktuen diseinuaren planoak, DBEOk eragindako informazioa edo negozioaren lehiakortasunarekin eta iraunkortasunarekin zuzenean lotutako beste edozein.
- Perimetroko segurtasun-gailuak eta beste gailu batzuk monitorizatzea (switcheak, zundak, applianceak, firewallak, PLCak, EDRak, etab.).
- Enpresen zibersegurtasun-maila nabarmen handitzen duten eta dauden eraso moten aurrean arriskua eta kalteberatasuna murrizten dituzten beste proiektu batzuk.
Gastu hautagarriak
Gastu eta/edo inbertsio hautagarritzat hartuko dira 5. artikuluan deskribatutako aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software gastuak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
- 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera eta proiektua gauzatzeko ezarritako epean sortutakoak edo fakturatutakoak. Epe hori ezin izango da 12 hilabetetik gorakoa izan.
- Kanpoko enpresa adituek egindakoak.
Laguntzen zenbatekoa
Laguntzen zenbatekoa honela kalkulatuko da:
- «Onartutako gehieneko aurrekontua» izango da ehunekoak aplikatzeko eta dirulaguntza kalkulatzeko oinarria, eta Aholkularitza eta/edo Ingeniaritza, Hardware eta Software gastuen batura izango da.
- Hardware eta software gastuetarako baimendutako gehienekoa, «onartutako gehieneko aurrekontuaren» % 80.
- Erakunde eskatzaileak aurkeztutako guztizko aurrekontuak gutxienez % 20 izan beharko du aholkularitza- eta/edo ingeniaritza-lanetarako.
Onartutako gehienezko aurrekontua % 5 gehituko da, laguntzen gehieneko muga gainditu gabe, baldin eta enpresak baldintza hauetakoren bat betetzen badu:
- Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea, enpresan euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa egiaztatzeko.
- Berdintasun-plan bat izatea, 50 langile edo gutxiagoko enpresen kasuan bakarrik.
- Programa honetan diruz lagundu daitezkeen jardueren esparruan, euskarazko softwarearen erabilera inplementatzen duten proiektuak izatea.
Diruz lagundu daitezkeen kontzeptu bakoitzeko onartutako gehieneko aurrekontuen gaineko dirulaguntzaren ehunekoa % 50 izango da.
Enpresa bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 23.000 eurokoa izango da, ekitaldian zehar diruz lagundu daitezkeen jarduera bat edo gehiago egiteko.
Laguntzaren ordainketa
Dirulaguntzak SPRIk formalizatu eta emango ditu, laguntzaren erakunde onuradunari ordainketa bakarra eginez, erakunde onuradunak likidazio-eskaera eta eskatutako justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren.
Gauzatze Epea
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera egin beharko dira, proiektua gauzatzeko ezarritako epean. Epe hori ez da 12 hilabetetik gorakoa izango.
Justifikazio Epea
Erakunde onuradunek laguntza justifikatu beharko dute diruz lagundu daitekeen jarduera amaitutakoan eta 90 egun naturaleko epean.
Bateragarritasuna
Programa honetan aurreikusitako laguntzak ezin izango dira SPRIren beste programa batzuetako beste laguntza batzuekin metatu, gastu hautagarri berberetarako.