
Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, kooperatiba-sozietateen eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzera bideratutako laguntza teknikoa errazteko emango dituen laguntzen deialdia egitea 2025eko ekitaldirako, ondorengo oinarrietan jasotzen diren baldintzetan.
Erakunde onuradunak
Beren jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntzak, baldintza hauetan:
- Kooperatibak eta lan-sozietateak.
- Gizarte Ekonomiako enpresen elkarteak.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batetik zuzenean eratorritako gastuak finantzatzeko dirulaguntzatzat hartuko dira:
- Urteko kudeaketa-plana edo aginte-taula integrala egitea eta ezartzea, enpresaren egitura ekonomiko-finantzarioa barne hartuta.
- Berariazko aholkularitza kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketan.
- Gerentziari laguntzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea, gerentzia- edo zuzendaritza-eginkizunak betetzeko.
- Zailtasunak dituzten enpresak suspertzeko plantzat hartzen diren ekintzak egitea, enpresaren lehiakortasuna eta, hala badagokio, finantzaketa lortzeko aukera hobetzeko gomendio zehatzak barne.
- Erakundeak antolaketa-eredu malguagoetara, kontziliazio-sistemetara eta pertsonak garatzeko sistemetara eraldatzeko tresna berriak ezartzea gizarte-ekonomiako erakundeetan.
- Enpresak digitalizatzeko tresnak ezartzea.
- Ingurumen-arloko hobekuntza-ekintzak ezartzea, enpresen jarduerak ingurumenean duen eragin negatiboa murrizteko.
- Gizarte-ekonomiaren ordezkari diren erakunde gorenek beren erakunde elkartuei bermeak emateko beharrezkoa den aldez aurreko azterketa ekonomiko eta finantzarioa egitea.
- Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko eta eraldatzeko pizgarriak kentzen dituzten oztopo juridikoak aztertzea.
Dirulaguntzaren ordainketa
Dirulaguntzak zatika ordainduko dira: % 60 2025eko aurrekontu-ekitaldiaren kontura eta gainerako % 40a 2026ko ekitaldiaren kontura.
Aholkularitza-erakundeak
Aholkularitza-erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Jarduera, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan egitea.
- Enpresa-aholkularitzan zentratuta egotea.
- Goi-mailako tituludunak izatea Euskadiko lantokietan, esperientzia egiaztatua dutenak, bereziki gizarte-ekonomiako enpresetan.
- Lanaren ardura duen aholkulariak gutxienez hiru urte eman beharko ditu aholkularitza-enpresan.
- Aholkulariek eta/edo aholkularitza-enpresek ezin izango dute loturarik izan, ez akzio-loturarik, ez partaidetza-loturarik, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten erakundeekin.
Gauzatzeko epea
Ekintzak 2025. urtean hasi beharko dira eta, gehienez ere, 2026ko lehen hiruhilekoan amaituta egon beharko dute.
Justifikatzeko epea
Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik zenbatzen hasita, eta, nolanahi ere, 2026ko ekainaren 30a baino lehen.