
Dekretu honen xedea da egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duen nekazaritza- eta elikagaigintza-industriak eraldatu eta merkaturatutako elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak erkidego horretatik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzak arautzea.
Pertsona onuradunak
Onuradunak nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-sektoreetakoak izango dira, eta talde hauetakoren batean sartuta egon beharko dute:
- Egoitza soziala EAEn duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, nortasun juridiko propioa dutenak: enpresak honela sailkatuko dira: mikroenpresa, enpresa txikia, ertaina eta enpresa handia.
- EAEko Kontseilu Arautzaileak.
- Egoitza soziala EAEn duten esportazio-partzuergoak.
Diruz lagundu daitezkeen ekintzak
- Banakako ekintzak:
- Izaera profesionaleko eta nazioarteko azoka edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartzea.
- Azoketara joatea, hau da, eskatzaileak azoka profesionaletara eta nazioartekoetara egindako bisitetara.
- Zuzeneko misioak eta produktuen aurkezpena Estatutik kanpoko merkatuetan.
- Alderantzizko misioak: atzerriko erosleak edo preskriptoreak gonbidatzea enpresak beren ekoizpen-establezimenduetan bisita ditzaten, EAEn bakarrik.
- Estatutik kanpoko merkatuetan soilik saltokian sustatzeko ekintza puntualak eta espezifikoak.
- Ikus-entzunezko katalogoak eta materialak, hau da, enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazio-materialak, gutxienez atzerriko hizkuntza batean egindakoak.
- Sustapen-programak: Plan edo programa integral bat egitea da. Plan edo programa horretan, gutxienez, sei jarduera egingo dira hiru herrialdetan, aurrekoan aurreikusitako banakako ekintzen artean. Aurrekoaz gain, jarduera hau ere sartu ahal izango da:
- Eskatzailearen produktuak sustatzeko programa garatzeko aholkularitza, enpresatik kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatuz.
Ez da dirulaguntzarik emango nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako produktuak sustatzeko eskumena duen sailaren stand bat dagoen azoketan edo Merkataritza, Industria eta Nabigazioko ganberetan edo enpresei kanpo-merkataritzan laguntza finantzarioa ematen dieten antzeko erakundeetan parte hartzeko, baldin eta azoka-gunea euskal enpresei eskaini bazaie.
Baztertze horrek ez die eragingo lehen aipatutako erakundeei espazio hori eskatu arren eskaeretan erantzun ezin izan zaien enpresei.
Laguntzaren zenbatekoa
Jarduera bakoitzerako, desplazamendu-, ostatu- eta mantenu-gastuetarako gehieneko zenbateko globala, eremu geografikoaren arabera, honako hau izango da:
- Euskal Autonomia Erkidegoa eta Estatuko gainerako erkidegoak: bi mila (2.000) euro.
- Europa: hiru mila eta bostehun (3.500) euro.
- Amerika, Afrika, Asia eta Ozeania: bost mila (5.000) euro.
Egun eta/edo merkatu desberdinetan egindako jarduera bera banaka zenbatuko da adierazitako gehieneko zenbateko hori aplikatzeko.
Gauzatzeko epea
2025eko ekitaldian gauzatutako proiektuek baino ez dute dirulaguntzarik jasoko.
Justifikatzeko epea
Gauzatutako gastuak justifikatzeko epea, beranduenez, 2026ko urtarrilaren 16a izango da.
Beste dokumentu batzuk
2025eko Deialdia: 2504031e.pdf