
Deialdi honen xedea da urriaren 24ko TES/1152/2021 Aginduaren bidez araututako «Administrazio publikoetan lehen lanbide-esperientzia izateko programa» delakoaren barruko dirulaguntzak ematea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko instituzionaleko –erkidegokoa eta tokikoa– administrazio publikoei eta entitateei, gazte langabetuak kontratatu ditzaten, gazte horiei enpleguaren arloko lehen esperientzia eta konpetentzia eta abilezia sozial eta profesionalak eskaintzeko, administrazio horiek ematen dituzten zerbitzuen barruan. Laguntza hauek Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatzen dira.
Entitate Onuradunak:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, foru-aldundiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, kuadrillak eta udalerriak, baita aurrekoen mendeko edo haiei lotutako EAEko eta tokiko sektore publiko instituzionaleko organismoak eta entitateak ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 82. artikuluan ezarritako Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatuta badaude.
Diruz lagun daitezkeen jarduerak:
Deialdi honen babesean, dirulaguntza jaso daiteke 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonak kontratatzeagatik, praktikaldiko kontratuaren bidez, enpleguaren arloan lehen esperientziak izan ditzaten eta konpetentzia eta abilezia sozialak eta profesionalak eskuratu ditzaten. Edonola ere, enplegu-eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu.
Horrez gainera, kontratatutako pertsonek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko orientatzaile baten laguntza izango dute zerbitzua ematen duten bitartean, betiere enplegu-eskaeran alta emanda badaude.
2.– Programa honen etiketatze berde eta digitalarekin lotutako betebeharrak betetzeko, hiru kontrataziotarako dirulaguntza eskatzen bada, haietako bat, gutxienez, enplegu berdeari edo konpetentzia digitalen arloko enpleguari lotuta egon beharko da. Lau kontrataziotarako eskatzen bada, gutxienez haietako bat enplegu berdeari lotuta egon beharko da, eta beste bat konpetentzia digitalen arloko enpleguari. Bost edo gehiagorako eskatzen bada, % 20, gutxienez, enplegu berdeari lotutakoak izan beharko dira, eta % 20, konpetentzia digitalen arlokoak. Ehuneko horiek aplikatuta dezimalak dituen zifra bat ateratzen bada eta digitua 5 edo hortik gorakoa bada, goiko zenbaki osoa hartuko da.
Entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, guztira egingo dituen kontratazioen kopuru osoa hartuko da kontuan baldintza hau betetzeari dagokionez.
Entitate eskatzailearen jarduera ekonomia berdearekin edo digitalarekin lotuta badago, ez da eskatuko 2. apartatu honetan xedatutakoa betetzeko, eta dirulaguntza eskatzeko aurkeztu dituen kontratazio guztiak enplegu berdekoak edo konpetentzia digitalen arlokoak direla ulertuko da.